Mostrando 4 resultados

Registro de autoridad
Bujanda Oñederra, Mikel
Persona · Nacimiento: 1955/02/07

Mikel Bujanda Oñederra (Donostia, 1955eko otsailaren 7a) gipuzkoar kazetaria da, Euskalerria irratiaren sortzaile eta zuzendaria. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an.

Bizitza:
Mikel Bujanda Donostian jaio zen 1955ean. Gerardo Bujanda politikari jeltzalea eta Lide Oñederra izan zituen gurasoak. Nafarroako Unibertsitatean Filologia Erromanikoko lizentzia lortu ondoren, Radio Pamplonan hasi zen lanean, euskarazko irratsaioak egiten.

Iruñerriko euskaldunek euskara hutsezko irrati baten premia zutela iritzirik, Iruñeko Komunikabideak elkartea sortzen aritu zen 1984an. Horren emaitza izan zen Euskalerria irratia, 1988an emititzen hasi zena. Hasieratik bera izan zen irratiko zuzendaria. Nafarroako Gobernuak lizentzia behin eta berriz ukatu bazion ere, irratia sendotuz joan zen; azkenean, 2016an eskuratu zuen emititzeko baimena.

Euskalerria Irratia
Entidad colectiva · Inicio: 1988/03/07

Euskalerria irratia Nafarroa Garaiko irratia da, euskaraz emititzen duena, (FM 98.3). Iruñetik eta batez ere Iruñerrirako lan egiten du.

Historia:
Iruñeko Komunikabideak enpresak sortu zuen, eta Euskalerria Irratia Elkartea deritzan bazkide sare bat laguntzaile dauka. 1988ko azaroaren 7an egin zituen lehendabiziko emankizunak. Zuzendaria Mikel Bujanda izan da hasieratik, eta gaur egun 12 pertsonak osatzen dute lantaldea, haien artean Reyes Ilintxeta, Juan Kruz Lakasta, Hiart Leitza eta Pello Argiñarena. Bestalde, kolaboratzaile sareak ere laguntzen du herri eta auzoetako berri ematen eta gaiak aurkezten.
Urte askotan zehar, nahiz eta sarritan eskatu, esleipenak eskaini izan ziren guztietan, Nafarroako Gobernuak ez zion lizentziarik eman, eta hori dela kausa irratiak egoera irregularrean aritu behar izan du orain artean. Irrati komertziala eta profesionala izateko bidean horrek eragozpen eta traba ugari ekarri dio. Enpresa kudeatzaileak auzitara jo izan du lizentzia esleitzeko lehiaketetan Euskalerria Irratiari lizentzia iruzur bidez ezkutatu zaiolakoan.

2010ean, Erreniega gainean zuen antena Nafarroako Gobernuak kenarazi zion, hegazkinen hegalaldietako komunikazioetan interferentziak sortzen zituelako argudioa baliatuz. Urte berean, 30.000 euro batzen zuten hiru isun jarri zizkion administrazioak, baimenik gabe emititzeagatik.

2012an, hirugarrenez Europako Kontseiluak baieztatu zuen, besteak beste, Nafarroan den euskal irrati baten beharra, Euskalerria Irratia izaki aukerarik egokiena. Azaroaren 7an Atarrabian egindako galan 25. urte hastea ospatu zuen, euskaltzale, bazkide, kolaboratzaile eta abarren babesa jasoz. Aukera on izeneko kanpaina udaberrian abiatu izanik, 100en bat bazkide berri lortu zituen urte horretan.

Azkenik, 2015eko abuztuan, Nafarroako Gobernuak 1997tik esleitu gabe zeuden bi lizentzietako bat emango ziola jakinarazi zuen.

Euskalerria Irratiak bere ibilbide luzean ahozko ondare aberatsa ondu du uhinetan emititu dituenak gorderik; Bereziki, Nafarroako kultur jendearen ekarpenak dira ondare hori osatu dutenak, bere estudiotik euskaltzainak, idazleak, politikariak eta kultur agerpen guztietako ordezkariak pasatu baitira.

Irratiak Larreko saria eratu zuen 1995.ean, Nafarroan ekarpen nabarmenak egindako lagun zein erakunde edo kolektiboen lanari aitortza egiteko.

Saioak:
Hainbat saioren artean, irratia oso ezaguna da Osasunak etxean jokatzen dituen futbol partidak igandero zuzenean ematen dituelako, euskaraz eta osorik horrelakorik egiten duen kate bakarra dela.

Kolaboratzaileak:
Ordainik jasotzen ez duten hainbat kolaboratzaile du irrati honek, 2012an 200 baino gehiago ere baziren. Kolaboratzaileen artean honako hauek daude, garai batean edo bestean irratia lagundu dutenak: Gorka Urbizu eta Jon Celestino musikariak; Angel Erro eta Aingeru Epaltza idazleak; Aritz Ibañez (Osasunaren futbol partiden emanaldietan), Idurre Eskisabel, Haritz Pascual, Unai Lako eta Urko Aristi kazetariak; Xabier Aierdi soziologoa; Martin Juanena kirolzalea; Patxi Urrutia, Patxi Zabaleta politikariak; Izaskun Mujika aktorea; Inma Errea eta Josu Jimenez Maia idazleak eta beste.

Gure Irratia
Entidad colectiva · Primera emisión: 1981/12

Gure Irratia euskarazko irrati-katea da, Lapurdin egoitza nagusia daukana eta Ipar Euskal Herri osorako emititzen duena (106,6 eta 90,5 FM).

24.500 entzule inguruan dituzte.

Historia:
1981eko abenduan hasi zen emititzen, Entzun Ikus elkartearen eskutik. Sorrera Milafranganko (Lapurdi) etxe batean izan zen arren, 1997an Baionako egoitza batera aldatu ziren eta gaur egun Uztaritzeko Landagoien gunean kokatzen da irratia. Aipatu beharra dago Uztaritzera 2006ko apirilean mugitu baziren ere, urte hartako abenduan izan zen sute baten ondorioz egoitza guztiz suntsituta geratu zela. Behin obrak eta konponketak bukatuta, 2009ko azaroan itzuli ziren berriz, tarte horretan euren jarduna herriko etxeak utzitako gela batzuetan burutu ostean. Bestalde, irratiaren behin betiko legeztapena 1984. urtean gertatu zen.

Hasiera batean, lehenengo asmoa Ipar Euskal Herri osorako emisora izatea bazen ere, Lapurdira mugatu beharra izan zuten lege eta lizentzia aferak tarteko. Behar horiei erantzuteko, urte bat beranduago, 1982an, sortuko ziren hain zuzen ere Irulegiko Irratia eta Xiberuko Botza, Behe Nafarroan eta Zuberoan hurrenez hurren, eta beranduago, Antxeta irratia.

Gure Irratia Euskal Irratiak federazioaren baitan dago. Azken hori, 1999an sortu zen eta lehenago aipaturiko lau irratiak osatzen dute. Irrati horien programazioaren gehiengoa, %80 gutxi gora behera, elkarlanean eramana eta partekatua da, nahiz eta, irrati bakoitzak badituen euren eduki propioa garatzeko tarteak ere.

Sariak:

  • Merezimenduzko Argia Saria (2022).
Xiberoko Botza
Entidad colectiva · Fundación: 1982

Xiberoko Botza Zuberoako irrati librea da. 1982an sortu zen, Frantziako gobernuak irrati-kate libreak sortzeko baimena eman zuenean. Euskaraz igortzen du, nagusiki zubereraz.

Historia:
1982an sortua, lehen emanaldiak Irabarneko jauregitik eman zituen, harik eta 1985ean estudioak Mauleko plazan ezarri zituen arte. 2000 urtean, berriz, handitzeko beharra izan zuten eta dirua biltzeko kanpaina abiatu zuten. Xiberuak eraik beza botza! lelopean, Euskal Herriko zazpi probintzietan zehar kantaldiak egin zituzten, musutruk aritu ziren 250 artistaren kolaborazioarekin; Gara egunkariaren laguntzarekin ere Xiberotarsak kantüz diska atera zuten. Kanpainaren emaitzarekin, 2000 urtean Victor Hugo karrikaren lehen solairua erosi zuten, bi urte lehenago martxan zegoen Zinka ostatuaren gainean. 2001ean sortutako Arrosa Irrati Sarearen partaidea ere bada.

Jarduera:
Hastapen batean euskaltzale eta ezkertiarrek eraiki zuten irrati librearen xedez, orduan monopolioa zuten Sud-Ouest, Miroir eta Radio France irratien bazterketa gainditzeko. Hortakoz ere irekia zen hizkuntza aldetik: euskaraz egitea lehentasuna zuen euskaldunentzat. Euskaraz ez zekiten laguntzaileentzat, berriz, irekia zen. 1986an Mendililia Irratia hasi zen Xiberoko Botzean parte hartzen ez zutenen eskutik. Geroztik arazorik gabeko Xiberoko berri eta euskal musikak hedatzen ditu Mendililiak. Aldiz, ikastola berri, AEK-k, CGT sindikatuak eta beste hainbat borroka eramaten duten taldeak Xiberoko Botza dute hedabide garrantzitsuena.

Taldea 2022an:

  • Beñat Larrory
  • Ximun Uthurralt
  • Iulen Guiresse
  • Maider Hoquy
  • Inexa Ducung

Sariak:
Merezimenduzko Argia Saria (2022).