Daniel Landart Urruti (Donoztiri, 1946ko abenduaren 11 - ), Daniel Arberu, Laguna eta Mutiko gazte bat ezizenez ere ezaguna, Nafarroa Behereko euskal idazle, antzerkigile eta, oro har, kulturgilea da. Haren testuak musikaren bidez egin ziren ezagun, hasieran Mikel Laboarekin eta Errobirekin.
Piarres Xarriton irakasleak Baionako inprimeria batean eta kazetetan lan egitera bideratu zuen. Tipografoa bizibidez, 17 urte zituela, Gazte, Pan-pin, Herria, Enbata eta Egan aldizkarietan hasi zen argitaratzen, eta hor eman zituen argitara idazlan garrantzitsuenak. Enbata mugimendu politikoko kidea da. Antzerkigintzan, Piarres Larzabalen ikasle izana da. Antzerkiez gain, olerkigintzan ere aritu da. Hainbat kantarik eta musika taldek musika jarri diete. Euskal Kultur Erakundearen zuzendariorde egon da 2010 arte.
Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat 1972an
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria S.L. (ELKAR S.A.R.L.) 1972an sortu zen Baionan. Helburu zehatz batekin sortu zuten: garaiko euskal kultur egoeraren norabidea aldatzea. Euskarazko sorkuntza txikia zen orduan, argitaratzeko zailtasunak handiak eta behar kulturala ere handia. Hutsune hori betetzeko sortu zuten argitaletxea.
Sortzaileak Ipar Euskal Herriko 20 gazte izan ziren, 9 emakumezkoak eta 11 gizonezkoak, Manex Pagola izan zen ideiaren bultzatzaile nagusia Gexan Alfaroren laguntzarekin. Bazkide bakoitzak orduko 1.000 franko jarri zituen, garai hartako hilabete bateko soldata. Elkar argitaletxearen sortzaileak, 1972an, hauek izan ziren:
Alfaro, Gexan
Arbelbide, Martxelin
Carrere, Pantxoa
Erramuzpe, Patxika
Etxeberri, Mixel
Gayon, Bernard
Iriart, Jean
Hiriart, Maialen
Idiart, Jakelin
Idiart, Joana
Ithurbide, Maialen
Daniel Landart
Lapique, Christiane
Lartzabal, Battitta
Laskibar, Raymond
Maitia, Jean-Louis
Noblia, Argitxu
Ospital, Peio
Pagola, Manex
Ruiz Ceberio, Arrosa
Lanak
Eleberriak
Aihen ahula, haurtzaroko oroitzapen-liburua, (1978, Elkar)
Batita Haundia (1994, Kutxa)
Anaiaren azken hitzak (1999, Elkar)
Ahularen indarra (2011, Elkar)
Enbataren zirimolan (2013, Elkar)
Poesia
Hogoi urte (1968, Goiztiri)
Antzerkia
Mendiko bakea (1962),
Hilak hil (1963),
Herro eta nigar (1964),
Gure haurra (1966),
Noiz (1970, Egilea editore),
Bai ala ez (1972),
Hil biziak (1973, Egilea editore)
Xori gorriak eta... Antzerkia hiru zati eta bost agerraldi (1973, Antzerkilarien Biltzarra)
Erranak erran (aurretik egindako antzerki-idazlanen bilduma, 1981, Elkar)
Nola jin, hala joan (1985, Antzerti)
Ama (1997, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea)
Saiakerak
Komediaz komedia – Lapurdin eta Baxenabarren (1945-1970) (2019, Elkar)
Bestelakoak
Federico García Lorcaren Odol ezteiak eta Brecht-en Amaren armak itzuliak ditu.
Kantuetako hitzak
Landartek idatzitako poesia batzuk kantu bihurtuko ziren ondotik. Kantu herrikoiak gainera, leku anitzetan bozkarioz kantaturikoak. Besteak beste, Zure begiek Laboak kantatzen zuena. Horrek gero Andde Duhalderi eta beste kantari batzuei buruzko atea ireki zion. Guztira, Badok.eus atarian 66 ziren 2024an Daniel Landarten hitzak dituzten abestiak, besteak beste hauek:
Zure begiek (Hitzak: Daniel Landart-Musika: Mikel Laboa) Mikel Laboaren Mikel Laboa disko singlean, 1969 , Herri Gogoa
Kanpo... (Musika: Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Gure zortea (Musika: Anje Duhalde-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Perttoli (Musika: Anje Duhalde-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Nora goaz? (Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Zuretzat (Musika: Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Andere haundi (Musika: Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Euzkadi (Musika: Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Euskadi (Musika: Mixel Ducau / Moldaketa: Iñaki Urtizberea-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Aitarik ez dut (Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart)
Errobi albumean, 1975, Elkar
Mixel Ducau & Caroline Phillips albuma, 1995, Elkar.
Negu Gorriak taldearen Salam, agur albuma, 1996, Esan Ozenki.
Hi (Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart) Errobi albumean, 1975, Elkar
Aho handiak (Hitzak: Daniel Landart-Musika: Pantxoa Carrere) Anaitasunean albuma, 2016, Elkar.
Aurpegi hura (Hitzak: Daniel Landart-Musika: Pantxoa Carrere) Anaitasunean albuma, 2016, Elkar.
Eiheralarre (Hitzak: Daniel Landart-Musika: Caroline Phillips, Mixel Ducau) Mixel Ducau & Caroline Phillips albuma, 1995, Elkar.
Zuretzat (Hitzak: Daniel Landart-Musika: Caroline Phillips, Mixel Ducau) Mixel Ducau & Caroline Phillips albuma, 1995, Elkar.
«Jean Phocas Euskal Herriak izan duen soinu ingeniari garrantzitsuena izan da. Su ta Gar taldetik hasi eta azken kantautoreraino, harekin grabatu ditugu lanak. Sekulako erreferentzia izan da Phocas, eta Anje Duhalde zer esanik ez. Mixel Ducau, berriz, musikari bikainenetako bat izan da euskal kantagintzaren munduan. Eta Daniel Landart ere bada, duda izpirik gabe, lerrootara ekartzekoa. Harenak dira Errobi taldearen abesti gehienak. Lehen diskoaren kasuan, denak dira harenak, bederatziak. Andere haundi abestia heriotzaren inguruan irudikatzen dut; Zuretzat maitasun kantu bat da; eta gainontzeko zazpiak euskal gatazkaren ingurukoak dira: Kanpo, Gure zortea, Perttoli, Nora goaz? Euzkadi, Aitarik ez dut eta Hi.»
—Mikel Markez
Sariak:
2014: Eusko Ikaskuntza - Baiona Hiria Ohorezko Saria